Historia pixka bat
1305ean aipatzen da lehen aldiz San Martin de Biriato (Biriatu) Eliza artxiboetan. Hastapenean, Urruñako auzoa zen, baina 1603an komunitate independente bilakatu zen. Hala ere, giza presentzia biziki aitzinekoa da eta historiaurreraino eramaten gaitu; Xoldokogaina lepoko aztarna megalitiko ugariak horren froga dira. Horrez gain, 1266tik ezaguna den Boniort etxeak (egungo Muniort) Printze Beltza ostatu hartu omen zuen.


Eliza
Elizaren fundazioa zehaztea zaila da: iraultza eta Napoleonen garaiko hainbat gerrateetan kalte handiak jasan ondoren, berreraikuntza ugari egin zaizkio, eta 1830 ingurura arte ez zen itzuli behin betiko kultu katolikoari. San Martin da bere patroia, eta herriak urtero ospatzen du haren memoria azaroaren 11ko bestan. Eliza herriaren kaskoan nagusitzen da. Eliza betidanik hilerri batek inguratua egon da, eta iparraldeko fatxadaren kontra hamabi estela diskoidal aurki daitezke, ohitura zaharren lekuko.

Biriatu, babesleku Espainiako Gerra Zibiliean (1936)
1936ko Espainiako Gerraren garaian, Biriatu babesleku edo igarobide izan zen tropa frankisten aurrerakadatik ihesi zihoazen errepublikano askorentzat. Horien artean Jorge Semprun zegoen, 12 urte zituela bertan babestu zena. Idazle eta Espainiako Kultura ministro ohia, bere "Adieu, vive clarté" liburuan Biriaturekiko zuen lotura azaldu zuen. Bertako lorategi publikoan, Semprunen omenezko oroitarri bat dago.

Comète Sarea
1943ko abenduaren 23tik 24rako gauean, 7 iheslari (4 hegazkin pilotu eta 3 zibil) euriteen ondorioz handitua zetorren Bidasoa ibaia gurutzatzen saiatu ziren Comète Sareko bigarren zen Jean-François Nothomb eta bi gidariren laguntzaz. Bi iheslarik, Antoine d'Ursel kondea, Belgikan Comète Sareko buruzagi ohiak, eta James F. Burch lotinantordea, AEBetako Aire Indarren (USAAF) B17F "Michigan Air Force" hegazkinlaria, ibaiko korronteak eraman eta itota hil ziren. Burch lotinantordea 1943ko urriaren 10ean Holandaren gainean eraitsitako B17F bateko kopilotua zen.
Belgikatik, Frantzia osoa Comète Sarearen bidez gurutzatu ondoren, Euskal Herriraino iritsiak ziren, Gibraltar bidez Ingalaterrara heltzea helburu zutelarik. Alemanek haien gorpuak berreskuratu eta San Martin elizaren arkupean erakutsi zituzten adibide gisa. Aldiz, herritarrek, esker onez, bi gorpuak lore meta batekin estali zituzten. Alemanek, haserre, gorpuak kendu eta desagerrarazi zituzten. Ez ziren inoiz aurkitu. Antoine d'Ursel kondea eta James Burch lotinantordea izan ziren Comète Sarearen Hegoaldeko adarrean bizitza galdu zuten iheslari bakarrak.
Comète Sarea Andrée De Jongh izeneko 24 urteko emakume belgikarrak sortu zuen, eta nazien okupazioari aurre egin zioten erresistentziako iheserako sareen artean garrantzitsuena izan zen. Guztira 1.700 kidek osatu zuten, batzuk iraunkorrak eta beste batzuk noizbehinkakoak, eta 878 hegazkinlari ebakuatu zituzten, horietatik 336 Euskal Herritik. 286 Comète Sareko kide deportatuak edo fusilatuak izan ziren, horietatik 5 Euskal Herrikoak.
Bidasoa bazterreko San Miguel izeneko tokian bi oroitarri jarriak izan ziren haien omenez. D'Ursel familiaren laguntzari, "Comète Sarearen Lagunak" elkarteko kideen dohaintzei eta Biriatuko Udaleko zerbitzu teknikoei esker ezarritako oroitarri hauek gaur egun Lizarlango bideraino igo dira.

Finaly Afera
Finaly Aferak Bigarren Mundu Gerraren ondorengo Frantzia zatitu zuen eta horretan Biriatu lekuko izan zen. Grenobleko familia batek deportazioan hildako bi gurasoen seme-alaba juduak hartu eta hazi egin zituen. Umezurtzen familia biologikoak bi gazteak bilatzen hasi zirenean, haiengandik gordetzeko eta Espainia aldera igarotzeko sare oso bat antolatu zen. Gazteek Frantziar estatuko lurraldean eman zuten azken gaua Biriatuko apezaren etxean izan zen.